Egoera honi etekina ateratzeko, Ana eta biok gure gustuko ibilbidea prestatu dugu, azkenaldian harrien beharra baitugu. Honakoan, Aralar ingurura abiatu gara, Uharte-Arakilen dugu abiapuntua, herri honetatik San Miguelera igotzen den hormigoizko pistatik hasten gara. Eguraldia nahiko itxia hasi da baina pixkanaka urdin koloreak grisa ordezkatzen du, egun aparta gaurkoa!
Igoera nahiko ongi egiten da, desnibel metro dexente badira, baina hormigoietik errazago mugitzen gara. Gaurko ibilbideak zortzi baten forma du eta zortzi honen erdialdera ailegatzean hormigoia utzi eta eskuinera mendiko pista bat hartzen dugu, malda gogortzen da, baina ez da oso luzea. Pixka bat aurrerago jesiten hasten gara eta ataka bata gurutzatu eta gutxira, Madotz herrira jaisten den GRa hartzen dugu. Leku paregabea da honakoa, pagoen artean dagoen larre berde-berde batetik ari gara. Bidea gero eta estuagoa da eta malda behera segituan ailegatzen da, bidaxkak frenoak soltatzeko gogoak ematen dizkigu , baina urak irekitako ubideek ez digute nahi dugun bezain azkar mugitzen uzten. Irrifarren artean Madotzera ailegatzen gara eta hemen San Miguelera eramango gaituen GRa bilatzen dugu. Mendiko pista on honek San Donato
Mendiaren sekulako bistak eskeintzen dizkigu eta lehen aipatutako zortziaren erdialdera eramaten gaitu, hormigoizko pistan gaude berriz ere, baina honakoan, gurutzatu eta GRtik jarraitzen dugu. Bidea geroz eta estuagoa da eta malda ere gogortzen da, sekulako pagadi batetik ari gara.
Konturatu orduko hormigoizko pistara ailegatzen gara berriz eta gure hasierako ideia San Migueleraino hau jarraitzea zen, baina GRak ez du pinta txarrik eta bidaxkatik jarraiztea erabakitzen dugu. Hasieran malda gogorra da, baina esfortzu pixka batekin ateratzen da, bidean, jeisteko bizikletentzat prestatutako bide bat zenaren arrastoak aurkitzen ditugu, saltu bikoitzak, kurbak…, orain nahiko zahartutra dago dena. Desnibel polita igo dugu dagoeneko eta momentu batetan bizikletatik jeitsi behar dugu, malda gogorregia baita, hemendik San Migueleraino oinez igoko gara.
Goian jende ugari bildu da, atsedenaldi bat egiteko eta zerbait jateko leku lasai bat bilatzen dugu eta handik gutxira jeitsierarekin hasten gara. Bidearen hasiera errepidearen bazter batetik hasten da, Uhartera jaisten den GRa jarraitu behar dugu hasieran eta gero beste bide bat hartu. Bidegurutzera ailegatzean zalantzak ditugu, orain arte jarraitutako GRa asko gustatu zaigu eta badirudi Uharteraino jaisten dela, baina bide honi buruz ez dugu informaziorik, ez dakigu bizikletan egiteko aproposa izango den edo ez.
Azkenean GRtik joatea erabakitzen dugu, ez dakigu nolakoa izango den egin gabe utzi dugun bidea, baina hartu duguna izugarri gustatu zaigu. Ez da bide erraza eta hasieratik bukaeraraino adi egotera behartzen gaitu, harri ugari dago, baina zorionez gehienak lurrera ongi finkatuak eta idorrak daude. Ez dugu atzeko suspentsiorik gabeko bizikletekin egiteko aproposa ikusten, gogorregia suertatuko baitzen, baina gaurko honetan “dobleekin” etorri gara eta izugarri gozatu dugu. Bidea goitik behera bizikleta gainean egin daiteke, baina abisatuak zaudete, ez pentsatu bidaxka garbia eta azkarra topatuko duzuenik…
Sekulako bidaxka honek ibilbidearen hasieran hartu dugun hormigoizko pistan uzten gaitu, “Aiztondo” eskalada eremua baina pixka bat gorago, handik Uhartera segituan ailegatzen gara.
Eta hau da dena, “Beti bezala, nekatuak baino konten!”.