Goizeko 7:30tan gasolindegira hurbiltzen naiz, han Joxemi eta Beñardo ikusten ditut, baina baita niretzat ezezaguna den beste bat ere, gaurko honetan Igantziko Iñaki elkartu zaigu. Pixka bat geroago, Iñigo agertzen da bere karbonozko “luma” beltz horretan eta Bigotesen atzetik Etxebestetik gora abiatzen gara. Lehenengo malda hauek beti egiten dira gogorrak, gainera, eguna lainopean agertu zaigu eta gorputzak nahiko hotz dauzkagu. Uste baino azkarrago, lehenengo atsedenlekura ailegatzen gara eta han arropa kentzeko aprobetxatzen dugu, bero-bero gaude dagoeneko. Handik gutxira, lainoa behean uzten dugu.
Sastrinera ailegatu baino lehenago dagoen kurba itxian ezkerrera hartzen dugu. Pista honek angulero aldera eramaten gaitu eta azken zatian behera jotzen duen bidaxka bat izatera pasatzen da. Normalean bide ona da, baina lokatzak eta motorrek egindako traza sakonak gauzak zailtzen dizkigute.
Anguleroraino errepidez joaten gara eta baita Arantzaraino ere. Arantzatik Bulatxikira hormigoizko pistatik joaten gara, malda dago eta bakoitzak bere erritmoa hartzen du. Konturatu orduko Bulatxikin gaude, han taldea berriz elkartu eta Elgorriagaruntz dihoan pista hartzen dugu. Azken zatian, pista zabaletik jeitsi beharrean, onddo bidea delakoan barna bajatzen gara, ez du interes handirik, baina pista saihesteagatik…
Elgorriagan eguneko lehendabiziko fundamentuzko geldialdia egiten dugu, taberna batetan edateko zerbait hartzen dugu eta Laztolek eta biok ezin diogu barran dauden pintxoetako bat probatzeko tentazioari eutsi.
Elgorriagatik Doneztebera errekaren ondotik doan bidetik egiten dugu, beti da interesgarria errepidea alde batera uztea… Donezteben Iñakik aio esaten digu eta Igantzirako bidea hartzen du. Besteak, Oitzera errepidez joaten gara. Oitzen sartu baino lehenago, ezkerretik ateratzen den errepidea hartzen dugu, hasieran zelaia da, baina pixkanaka malda gogortzen joaten da, nola eskertzen da hormigoia kasu hauetan! Pistak, Leurtzako urtegira doan errepidean uzten gaitu, hemendik urtegira oso gutxi gelditzen zaigu.
Bonozorrotz mendiaren ingurura igo nahi dugu, horretarako, urtegiaren eskuinaldetik ateratzen den pista bat hartzen dugu, pistak goruntz egiten du, baina ez du malda haundirik, eskerrak! Gurutzebide batetan, eskuinaldean agertzen zaigun bidaxka batetik igotzen gara, hasieran malda gogorra du, baina gero lasaitzen da. Tramo hau benetan ikusgarria da, lehen partea basoan barna doa eta azkenaldera irekitzen da, bistek pena merezi dute: Mendur, Ekaitza, Leurtzako urtegia, Belate…
Lepoan, taldea berriz elkartzen da eta hemendik, Bonozorotz mendia eskuinaldetik inguratzen duen bidaxka hartzen dugu. Hurrengo gurutzebidean beti eskuinera joan gara, Leurtza aldera, baina honakoan ezkerrera hartzen dugu, Behintza-Labaienera. Hasieran bidaxka erraza da baina pixkanaka gauzak zailtzen dihoaz. Badira tramo batzuk bizikletatik bajatzera behartzen gaituztenak, bide entretenigarria da, teknikoa, baina zati haundienean bizikletaren gainean egin daitekena. Ondorio txarrik gabeko erorketa pare bat besterik ez da egon, badirudi ikasten ari garela, je, je.
Gure asmoa Behintza- Labaienetik Iturenenra doan bide bat hartzea da, baina nonbait konfunditzen gara eta Urrotz herrira eramaten gaituen pista bat hartzen dugu. Handik Donezteberaino, errepidez joaten gara. Donezteben, eguneko bigarren geldialdi serioa egiten dugu, ostatu batetan edaria eta pintxoa hartu (nola aldatu zaigun gure Bigotes jauna!) eta handik rato batetara trenabidean gaude. Ezer apartekorik gabe, Lesakara ailegatzen gara, gaur ez dago bilerarik Antoiun, berandu da eta ordu gehiegi daramagu gure aurpegiak elkarikusten.
Beti bezala, nekatuak, baino konten!!
PD: Gaur ez dugu ez argazki kamerarik, ez “cuentakilometrosik”, ezta gps-rik hartu, hortaz, ez dago ez argazkirik, ez kilometrorik, ezta track-ik ere, zelako desastrea! Ekaitz, laister bueltatu, zure beharra baitugu!!