"A" TALDEA, URBIA ZONALDERA (Apirilak 25)
Hemendik, GRa hartuta Otxondo aldera abiatzen gara, Eskisaroira ailegatzean, ezkerrera hartzen dugu GRa dexente kaskartzen baita, Alkurruntz mendiaren ondoan dagoen lepo batera ailegatzen gara eta han atsedenalditxo bat egiten dugu, Larralderi atzeko ardatza askatzen ari zaio eta desmontatu eta berriz estutzen dugu. Badirudi zerbait gaizki duela, agian ezin ditu jasan Iñakik pedaleei ematerakoan eragiten dituen tentsioak, ardatz gaixoa, ez daki noren eskutan erori den…
Alkurruntz mendiari ezkerretik buelta ematen dion bidaxka hartzen dugu Otxondora ailegatzeko, han santiago bidetik behera egiten dugu, baina aurrerago ezkerretik ateratzen den pista bat hartzen dugu. Gaurkoan, Urbiako lepora igo nahi dugu eta denbora soberan ez dugunez, itxuraz nahiko zuzen eramango gaituen pista bat hartzea erabakitzen dugu. Ideia ona dela dirudi, honela ez baitugu Urdaxeraino joan beharko.
Baina laister gauza hain erraza izango ez dela ikusten dugu, pistak erreka zulora eramaten gaitu. Bidean, borda batetan dagoen tipo bati galdetzen diogu, baina dakien guztia ez digula kontatu ematen du… Aurrera jarraitzen dugu baina pista bukatzen da eta atzera egin behar dugu berriz ere. Bizkar txiki batetik Larraldek traza moduko bat ikusi eta bere ehiztari sena oker ez dagoela pentsatuta, berari kasu egitea erabakitzen dugu. Bidaxkak, errekara jaisten gaitu, beste aldean pistara aterako gaituen bidea ikusten da, baina ez da harririk erreka pasatzeko… Berriz ere, Larraldek gidariaren postua bereganatzen du eta plisti-plasta gurutzatzen du, urak belauneraino ailegatzen zaio, baina ez da beste modurik eta bere atzetik jarraitzen dut. Beñardok oinetakoak kendu eta esku batekin hartzen ditu, bestean bizikleta darama eta asuntuak ez du ematen oreka haundirik duenik, baina ongi gurutzatzea lortzen du. Joxemik buelta pare bat ematen ditu zeharkatzeko lekua bilatzen baina ez du lortzen eta erreka zuzen pasatu beharrean, diagonalean gurutzaten du azkenean, honek beti nahi du besteak baino gehiago, bustitzerako orduan ere…je,je.
Aurreikusia genuen bezala, pistara ailegatzea lortzen dugu, hemendik bidea ezguna dugu eta malda gora rato bat badugu ere, lasaitzen gara. Ezusteko haundirik gabe Urbiako lepora ailegatzen gara eta PRa jarraituta, Ibañetara. Indarrak gastatzen ari zaizkigu eta denboraz larri gabiltza, tenstioa sumatzen da taldean…uff!! Eskerrik hemendik aurrera pista dela eta nahiko azkar egingo dugula…
Usategietatik, GRtik zuzenean jaisten gara Lesakako zubira, bizikletak garbitu eta bagoaz Antoiura Beñardo eta biok.
Beti bezala, nekatuak baino konten!!!
ELIAS ETA GARI ARNEDILLON (Maiatzak 9)
Nahiko goiz altxatzen gara, furgoneta hartu eta 10:30etarako bizikleten gainean gaude. Hasierako zatia biok batera egiten dugu, trenabidez Préjano-raino goaz. Bidetik, hango inguruetan aintzinean zeuden mehatzeen ustiapenaren arrastoak aurkitzen ditugu nonhai.
Préjano-ko trenabidea bukatzen den puntuan, bakoitzak bere bidea hartzen du. Garik, etorri garen bidetik atzera egiten du, Calahorra-ra doan trenabidea hartzeko asmoz. Nik, “Barranco de las Puertas” delakoan gora egiten dut. Bidea oso ongi markatuta dago, bidaxka ona da, bailara batetan pixkanaka gora egiten duena eta ia bere osotasunean bizikletaren gainean egin daitekena. Duen puntu txar bakarra arantzadun sasi ugari dagoela da, zoritxarrez, orokorrean hala izango da gaurko buelta. Nere hanka eta beso gaixoak!!
Lepo batetara ailegatzean, pista on batekin topo egiten dut, eta bertatik noa rato batetan. Aurrerago, ezkerrera ikusteko oso zaila den traza bat hartu behar da, eskerrak GPS-ari! Bidaxka geroz eta nabariagoa da, beheruntz jotzen du eta “Barranco de Nobocazal” delakoan uzten nau. Honen ondotik doan bidaxka jarraituta, Peroblasco-ra ailegatzen naiz. Bidean artzai batekin topo egin dut eta bide hori bizikletan egiteko oso txarra dela esan dit, ikustekoa!, ni liluratuta nentorren orainarte egindako bidearekin, gehiena bidaxka izan baita eta leku benetan ikusgarrietatik eraman baitnau.
Peroblasco-tik Munilla-raino errepidez joaten naiz. Herriaren sarreran dagoen pista batetik sartzen naiz, pista honek gora egiten du denbora dexentez. Erdialdera, dinosaurio batzuk ikusten ditut!, ez dakit nekeak eragindako delirioren bat izango den ja, ja! Inguru honetan dinosaurioek utzitako aztarna ugari dago eta hauetako batzuk ikusteko prestatuta dagoen leku batetara ailegatu naiz, eskerrak! ez nago hain xehetuta…oraindik. Geldialdi txiki bat egiten dut eta segituan martxari ekiten diot berriz ere. Rato batez gora egitea tokatzen zait, baina zorionez lepo batetara ailegatzean malda gora bukatzen da.
Justu-justu topatzen dut aipatutako bidaxka, pinadi baten barrenetik doa eta nahiko zaila egiten zait jarraitzea eta ez galtzea, ez dakit errekaren beste aldetik joanda hobe izango den, baina ez zait oso gomendagarria iruditu. Pista batetara ateratzen naiz eta behera jarraitzen dut, hurrengo gurutzebidean goruntz doan aukera hartu behar dut, zentral elektriko baten ondotik pasatu bezain pronto lepo batetara ailegatzen naiz. Hemen, ez da ez ezkerreko ezta eskuineko aukera ere hartu behar, aurrez-aurre dugun hesia gurutzatu eta erreka ondotik doan bidaxka bat bilatu behar da, “Antoñanzas-Arnedillo” bidaxka, hain zuzen ere. Oso interesgarria da bide hau, gehiena malda behera da eta baditu bere harrizko tarte entretenigarriak.
Hustutako etxe zahar batzuetara ailegatzean, hauek eskuinaldetik inguratu behar ditugu, tentuz ibili behar da bideari jarraitzeko, laguntzeko badira hito batzuk. Azken partean, bideak erreka gurutzatu eta gora egiten du, “La Presa” deritzon harrobira doan errepideraino.
Errepide zati hau luzea egiten da, beroa egiten du. Eskerrak eguna lainotuta dagoen, ibilbide osoan ez baitut zuhaitzen itzaletik doan tramorik aurkitu, Sepulcro-ko bidaxkan izan ezik. Buruari mila buelta emateko denbora ematen dit igoera honetan eta bapatean azken jeitsierara eramango nauen gurutzebidera ailegatzen naiz, “Arnedillo DH” jartzen duen kartel batekin dago markatuta. Bidaxka hau oso ona da, hasieran nahiko zelaia eta bista paregabeekin. Geroago, lepo batetik pasa, Arnedillo-ra begira jarri eta benetazko jeitsiera hasten da. Prestatuta dago, baditu peralteak eta saltoren bat, Arnedillon gaurko rutari amaiera emateko modu ona!
Ederra gaurko itzulia, sasi gehiegirekin zenbait tramotan, baina oso ona orokorrean. Bidaxka tramo pila dago eta gehiena bizikletaren gainean egiteko modukoa da, bistak ere ikusgarriak dira. Egun oso eguzkitsuak saihestea komeni dela uste dut, ez baitago itzalik ia ibilbide osoan.
Beti bezala, nekatuak baino konten!!