Goizeko 7:30tan dugu hitzordua gaurkoan, gasolindegian Beñardo, Joseba, Joxemi eta laurok nire furgonetan bizikletak kargatzen ditugu eta Amaiurrera abiatzen gara.
Gaurkorako gure sheriffak ruta berezia prestatu digu, ez dakigu zehazki zer aurkituko dugun, baina pinta ona du.
Amaiurren presarik gabe prestatzen gara, goizeko hotzak ez baitu pedalei emateko gogo haundirik ematen, eskerrak hasiera-hasieratik goruntz hasi behar dugula eta segituan berotuko garela…
Eguna ez da oso ongi hasten, Amaiurretik Intzulegira igoko gaituen bide bat aurkitzen saiatzen gara eta herriko hilerritik pasatzen den pista jarraitzen dugu. Baina aurrerago bide okerra hartzen dugu eta denbora gutxian gure bizikletak bultzatzen gaude, geroago suertatuko zaigunarentzako entrenamendu polita!
Intzulegira ailegatzerakoan Joxemiren aurreko gurpila zulatuta dagoela ikusten dugu, likidoarekin beteta dagoenez berriz haizatzen dugu, ea zuloa tapatzen den… Ez dugu zorterik eta Gorramendirako igoeran kamara aldatu behar dugu. Ondoren eskuinetik ateratzen den pista bat hartzen dugu, eta aurrerago ehiza postu batzuk jarraituta Meakako lepora ailegatzen gara. Gutako batzuek leku hau aurretik ezagutzen genuen, duela denbora dexente egindako ruta batetan hemendik pasa ginen eta, egun hartan Sumuseko bentara zihoan bidaxka bat jarraitu genuen, ez zen erraza izan, harri busti eta hosto asko baitzeuden, baina oso polita suertatu zen.
Oraingo honetan marka laranja batzuekin markatuta dagoen pista bat jarraitzen dugu, bide honek Gartzabal eta Tranpako zokotik pasatuta Arrietako lepora eramango gaitu. Hasieran pista da, baina pixkanaka estutzen doa bidaxka batetan bihurtu arte. Bidaxka ez da erraza, harri ugari dago eta gainera bustita, eta zati asko oinez egitera behartuak ikusten gara. Josebak pinta txarra duen kolpe bat hartzen du harri busti batzuetan gurpila irristatzen zaiolako, baina tipo gogorra dugu gure “Joxe” eta arazo haundirik gabe altxatu eta aurrera jarraitzen du.
Iparlako tontorrera bizikleta gainean ailegatzen gara, sekulako parajea da, pirineoak elurtuta ikusten dira, itsasoa, Larrun, Gorramendi… Etenalditxo txiki bat egiten dugu hemen, argazki batzuk eta martxa!
Hemendik aurrera ibilbidea guztiz aldatzen da, Otxondora ailegatu arte pista zabala izango dugu, txarrena da badakigula zer gelditzen zaigun eta ez da makala… Bidarraitik pistak behera egiten du, baina handik gutxira malda gora hasten da, pena da baina egiten hari garen desnibel hau gero galdu beharko dugu Sumuseko bentara jeisteko, handik berriz gora egitea tokatuko zaigu Aritzakunetik pasatu eta Intzulegiko leporaino, ez da lan erraza gelditzen zaiguna eta lasai hartzen dugu, animo mutilak! Lepora, Iparlako tontorrera bezala, ailegatzen gara, bakoitza bere aldetik, honelako kasuetan hobe da bakoitzak bere erritmoa hartzea eta asko ez agobiatzea. Beñardok eguneko sorpresa ematen digu, asko entrenatu gabe dago azken denboraldian eta luze joango zaiola uste dugu, baina segituan ailegatzen da, enorme Beñardo!
Polita gaurko buelta, seguraski kostatuko zaigu berriz errepikatzea, txirrinda gainean egin ez daitezkeen tramo asko dagoelako, baina igarotako parajeengatik egiteak pena merezi izan du.
“Beti bezala, nekatuak baino konten!!!”